IdentitateaK

This article tackles a difficult and always slippery term: Identity. Arousing confusion when it refers to certain sociopolitical realities, the author tries to locate it in the Social Innovation paradigm.

identitateak2

 

Beti begiratzen diogu gure herriari. Horri deitzen ei diogu-eta, herrigintza. Baina zerekin egiten da herrigintza? Non daude, gizabanakoak gizatalde bihurtzen dituzten faktore sinboliko eta ez hain agerikoak? Eta gurean…nondik begiratzen diogu errealitateari? “Gure” herrigintza aldarrikatzen dugunean? Nere kezka da, benetan ez ote ari garen sekulako disoziazioa sortzen, herrigintza (edo deitu nahi bezala, oinarrigintza,…bizikidetza, tolerantzia, errespetua,…norberak bereari eutsiko dio, ez nuen besterik espero) deitzen diogun horren eta eguneroko gizabanakoaren bizitzaren artean. Alegia, eta zuzenago esanda, herri egituraketa dela zioa, ez ote ditugun jada agenda berriak sortu behar, jada ezagunak eta aski erabiliak diren leloetatik apur bat bilakaera eginez. Iruditzen baitzait, errealitate ofizial ezagunaren azpitik (alegia, eguneroko alderdikeri eta gizatalde alineatuen kohesioa bermatzen duena), sortzen ari dela aspalditik oso modu agian inkonszientean baina jarraian, gizarte zibilaren disoziazio garbia aurreko aipatu errealitatearekin. Gakoa, nere uste apalean, identitateen kontzeptuaren baitan egon daiteke agian. Sakondu dezagun gaian:

Agian, agenda berriak aipatu ditugunean, hain modan dagoen “Berrikuntza” hitza nolabait gaia aztertzeko balio diezaguke. Eta are gehiago, IdentitateaK izanda hizpide, “Berrikuntza Soziala”ren paradigmatik begiratuz, egungo gure euskal gizartearen diagnosia honakoa izan zitekeen (besteak beste). Laburbilduz, 10 indar-ideia:

  1. Berrikuntza Teknologikoa (hard), Berrikuntza Sozialarekin (soft) osatu.
  2. Euskal Herria (landartasuna) eta Euskal Hiria (hiritartasuna) ideiak, osagarri egin, faltsuki kontrajarri baino.
  3. Inmigrazioa, kultur aniztasunaren iturri bezala ulertu (Identitate Osagarriak naturaltasunez eratuz).
  4. Mundu mapan, gure Identitate Lokal horrek duen garrantziaz jabetu (Glokalizazioa).
  5. Sormenaren garrantzia ekonomia, gizarte nahiz kultur alorretan oso kontutan izan.
  6. Teknologia eta digitalizazioaren eragin soziala ulertu.
  7. Partehartze prozesu hiritarrak gauzatu herrigintzako alor guztietarako.
  8. Belaunaldi berriak tentuz erreparatu (Y Belaunaldia).
  9. Hirigintzaren funtzioaren garrantziaz jabetu, gizarte bizitza eta gune publikoen lurralde antolakuntzarako.
  10. Gizarte elkarrekintzen erdigunean, esperientzia eta emozioak daudela jasotzea (Esperientziaren ekonomia).

Guztia barneratu ostean, segidan dator galdera praktikoa:

Gure eguneroko bizitzari, zer ekarpen praktiko egiten diete, abertzaletasun eta ez-abertzaletasunaren inguruan sortu diren ideario identitario kontrajarriek?

Eta ez al dute bada, jada eguneratu gabe geratu diren, alderdikeriek eta komunitate ideologiko itxiek bakarrik, honelako egoera “fikziozkoa” sortu eta ia ohartu gabe elikatu? Eta hau ez al dago, naturaltasunez bere identitatea bizi duen gizabanakoarekin disoziatua? Azken batean, euskal gizartea, aurrez aipatu diren 10 indar-ideiak medio, gizarte postindustrial baten eredura ari da lerratzen. Eta geroaldiko aurreikuspen prospektibo batean, itxura denez, miztura, aniztasun eta heterogeneitateak,  purotasun, esentzialismo eta homogeneitateari kenduko dio lekua egunez egun. Hartara, inkoherentziaz betetako identitate kontrajarrien komunitate bat sortzen joatea da inoiz baino beharrezkoagoa, IdentitateaK (Identitate Anitz edota Osagarriak) aldarrikatzea. Eta horrek, isla izan beharko luke, gure egungo gizarteko alor ezberdinetan ere. Hala ere, subjektibitatea izan beharko lukeen identitateaz ari naiz. Osagarria, baina, subjektu bat. Komunitate bat, azken batean. Eta horrek badu jada, subjektua,  euskal/basque/vasco. Modu askotan ulertu eta bizia. Bakarra eta guztien aberastasun eta ongizatearen mesedetarako. Zaila gerta liteke agian honakoa egun ulertzea, baina agian argiago urte gutxi batzu barru, euskaldun, espainol, hegoamerikar, txinatar, kataluniar, irlandar,… identitatearen paradigma klasikoaren pean, erabili ditugun zenbait kategoria zurrun. Norberaren bizipenek beti egiten dute, bata bestea baino gehiago erabili edo bizitzea, baina azkenean, inor ez dago jada garai bateko purotasun edota identitate bakarrez osatua. Eta agian, garaia da belaunaldi berri eta gizarte aldaketen ildotik, kategoria zaharrak baztertu eta “euskal” subjektua duen identitate anitzak osatutako objektuak berreskuratzen dituen komunitatea egituratzen hastea, gizarteko alor ezberdin eta gai ezberdinetarako. Posible izango al da aurki, Gabriel Aresti + Pío Baroja, Gabriel Aresti vs. Pío Barojaren ordez?

(2008ko Apirilean Berriako Iritziak sailean argitaratua)

No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.