Oporrak datoz aurki. Eta hori izaten
da seguruenik Euskal Herritik kanpo gaudenean, gutariko bakoitzari erantzutea suertatzen
zaigun galdera edozein momentutan. Orduan etortzen dira kontuak galdera horri,
zuzen (eta gure buruari iruzur egin ez eta) koherenteki, gu arrotz izanda bisitatzen
ari garen herrialde horretako gizanabakoari azalpenak emateko instantea.
Euskaldunak bai, Euskal Herrian. Eta atzerrian...nondik hasi? Hor dator jada
benetako froga. Izan ere, azken aldian Euskal Herrian bertan, globalizazio eta
gure nortasunaren posizionamendu ekonomiko, sozial eta kultural berriaren
beharra entzuten ari gara edozein iturburu ideologiko ezberdinetatik ere.
Horrek zer pentsatua ematen dit: Euskalduntasunaren diskurtsoa maila globalean
oraindik egiteke dagoela alegia. Eta hor dabiltza, alderdi eta ideologia
ezberdinetako “pentsalariak” buruari bueltak ematen eta formula zein den asmatu
nahian. Bitartean, hitz anpulosoak erabiliz guztiak. Baina, ohartu ez direlarik;
kanporako ematen dugun erantzun horrek, barneko gure “herrigintza” egiteko
modua ere aldatuko duela seguruenik. Eta hori da erronka nagusia.
Azken batean, atzerrian nola eta
zein nomenklaturarekin aurkezten dugun gure izate kolektiboa, gakoa izaten da,
gure buruan dugun barne “herrialde” sinboliko hori irudikatzeko. Hor sortzen
dira galderak. Har dezadan adibide gisa hausnarketarako, gaia ilustratzearren,
Atxagak dioena honen inguruan:
“Euskal Herria hamaika uhartetxoz osatutako lurralde bat da. Eta
uhartetxoak ez daude beti ondo komunikatuta. Errepasa ditzagun gauden leku honi
ematen zaizkion izenak: "Euskadi", "Euzkadi", "Euskal
Herria", "Vascongadas", "País Vasco", "Pays
Basque", "País Vasco-navarro", "País vasco-francés",
"País Vasco-español", "Comunidad Autónoma", "Erkidego
autonomoa"…bistakoa da, izen asko dira mapan ikusi ere egiten ez omen den
leku batentzat. Gainera, zalantzan jarrita daude denak, alde batetik edo
bestetik: batzuek ez dute, kasu, "Vascongadas" sekula esaten, edo
umore zakarrez bakarrik esaten dute; beste batzuei higuingarri egiten zaie
"Euskadi" aditzea ere..”.
Belfast-en duela zortzi urte, bake
prozesua hain juxtu pil-pilean zegoenean, “Where are you from?” galderari,
hutsean “From the Basque Country” erantzun eta segidan gertatu zena datorkit
gogora; pint erreka batez bustitako
elkarrizketa amaigabe bat ETA eta IRAren inguruan. (Emakume ilehori unionista
egokitu zitzaidan elkarrizketakide, esan behar baita bestalde). Lisboako
Itunari ezezko borobila eman, “Celtic Tiger”aren hazkunde ekonomiko izugarria
bizi eta bake prozesuaren ondorio baikorraren uzta jasotzen ari den Irlandan;
egun, agian elkarrizketa bera ez litzateke suertatuko.
EE.BB.-etan aldiz, Nevada, Idaho edota euskal
diasporaren aztarren bat erreferentzia moduan izanda, bertako komunitate
hurbilarekin lotuko gaituzte. Gainontzekoek, ideia zipitzik ez eta ez dute jakingo Europako zein
lurralde puskari buruz ari garen ere.
Hona iritsi nahi dut: Gure
identitatea, mundu globalean egiteke dagoela. Eta seguruenik, Euskal Herriko
gizabanako bakoitzari galdetu ezkero, “artxipielago” guzti horiek aterako
zaizkigu. Ezpaidago Euskal Herria bakar bat. Norberak berea du. Eta hori
atzerrian, oso garbi azaltzen da.
Zer egin ordea, erreferentzia baliozkoa (nere iritziz) zaigun, herrialde
nordikoetatik abiatu den Norden 2020 txosten prospektiboen lau mega-joera
handien aurrean (a.- Garapapen teknologikoa, b.- Globalizazioa, c.-
Zahartze-demografikoa eta d.- EB gainegitura), gure izatea eta nortasuna mundu
mailan ekinbide bihurtu ahal izateko?
Bi ideia bota nahiko nituzke
hausnarketa piztuarazteko:
Lehenengoa, Euskal Blogosferari
dagokiona eta bigarrena, e-Partehartzea-ren kontzeptuarekin lotua:
1.- Euskal Blogosfera:
Eusko Ikaskuntzako euskal
nortasunaren inguruko ikerketa batean aipatzen zen herrialde eta hizkuntz
gutxiengotuak, beste edozein komunitate baino lehenago jarri direla blogosferaren
lurralde birtualaren konkistan. Eta noski, txostenak dioenez, Euskal
blogosferak, oso modu proaktiboan erreakzionatu omen du. Horren testigantza bezala
euskara beraren presentzia sarean. Ez al da mapa globalean, gure “lurralde”
hori eraikitzeko modua. Bai, ziberespazioaz ari naiz, mundu birtualetaz badakit. Baina…zein izan da,
Obamak Hillary irabazteko faktore erabakiorra? Ziberespazioa eta sareak oso
modu egokian kudeatu izana.
2.-
E-partehartzea:
Entzuten
ari gara EBean partehartze digitalaren aroan gaudela.
Eta
pentsatzen dut, nola da posible hori, aukera politiko batzuk nonbait hitzik ez
dutenean? Nola da posible hori, herri kontsulta baten aukera plazaratzean,
Estatu baten debekua, horren gainetik jartzea? Nola da posible hori, AHT
bezalako azpiegitura erraldoi eta estrategiko baten aurrean, adostasun eza eta
izpiritu demokratiko partehartzailerik ez bada inon ikusten? Zertan oinarrituak
daude jarrera kontrajarri horiek? Non daude ebidentziak eta datuak? Eta
auzoetan e-partehartzea, posible izango al da ba?
Euskal
Herriari, mundu globalean bere lekua aurkitzea ezinbestekoa zaio. Gutariko
euskaldun bakoitzak berea aurkituko duen moduan; norberak bere moldea
aukeratuz, noski. Hori bai, Euskadi 2020, Donostiako 2016 Europako Hiriburu
Kulturalaren hautagaitza, eta hainbat eta hainbat proiektu estrategiko entzuten
gaudenean etengabe, etortzen zait gogora honako galdera: “Nongoak izan nahi
dugu?”
Laburbilduz,
gure herrigintza (eraikuntza nazionala?) artikulatzeko abagune berri honen
klabeak maneiatu behar ditugu. Hor daude adibideak, blogosfera eta e-partehartzea.
Erabiltzeko daude. Azken batean, Friedman-ek esan zuen bezala, “mundua laua da” eta agian, Euskal Herria “maldatsu” izatetik, “lau”
izatera pasatu beharko genuke, apika, ez orografian (!), gizarte-hartueman eta
ziberespazio geroz eta zabalagoan. Eta guztia, munduari zabalduta beti leiho
handi eta koloreanitz bat irekita utzita, haizea etengabe, sartu eta atera dadin bertatik.






Post a comment