
Euskadi, 2008: Berrikuntzaren urtea. Seinale on. Baldin eta Berrikuntza hitza desenmaskaratzea lortuz, musika, zarata baino gehiago entzuten badugu aurrerantzean. Denborak, distantzia fisikoak eta perspektibak ematen dit (beti ere errespetu handiz lanean diharduten eragile guztiei), artikulu honen zioa azaltzearen beharra egun. Alegia, gure herriaren baitan, une jakin honetan, bigarren eraldaketa handirako zutabeak jartzen ari direnean abian, Berrikuntzaren gizarteratze eta erakundetze prozesu batean hezurmamiturik; balizko arrisku bat aurreikusten dut azaleko berrikuntza baten diskurtsoa egin eta praktikan betiko moldeetarako mugatzeko. Eta hori barkaezina litzateke.
Esan nahi baita: 2008. urtean
Berrikuntzaren aldeko aldarrikapen eta deialdi kolektiboa egiten ari da
bereziki, erakundeen partetik. Eraturik ere erakunde berriak, Innobasque,
Ikerbasque,...etab. Kontua da, Europako zenbait herrialdeen berrikuntzaren
praxi arrakastatsuekin (dena ez baita urrea) erkaturik, jadanik bada
ezberdintasunik estetika edota gizarteratzeko formatoan. Balio dezala, ekarpen
moduan artikulu hau: Oraindik gogoan dut, Berrikuntzaren zein irudi
kontraesankorra bidali zitzaion euskal gizarteari komunikatiboki, Berrikuntzaren
gizartearen aurreko aurkezpen publikoa izan behar zuen hartan, 500 gizabanako
korbatadun esanguratsu horien argazkiarekin aurkeztu zenean. Zein da baina, Berrikuntzaren
subjektua? 500 gizabanako edo gizarte osoa? Gauza horiekin fin ibili beharko
litzateke, gero ez baitago bueltarik.
Errespetuz (berriro ere), ekarpen
kritiko baina eraikitzailea egitearen alde, Berrikuntza gure gizartearen
esparru guztietara zabaltzeko nahiak bultzatuta, honakoarekin laburbildu nahiko
nuke nere iritzi artikulua: Egun, Euskal Herrian, Berrikuntzaz ari garela, zarata
ateratzen dutenak, musika egiten dutenak baino gehiago direla dirudi. (Oker
egotea nahiago nuke, guztien hobebeharrez). Azkeneko hamar urteetan, erakunde
eta enpresetan inor gutxi zebilen kalitatearen zikloaren bilakaera logikoa
behar zuen, Berrikuntzaren paradigmarekin esperimentazioarekin lanean. Eta
orain bapatean, badirudi espekulatzaile (oportunista!) ororen joko eta bazka
bihurtu dela. Agian, Berrikuntza hitzaren esanahia ezabatzeraino ere.
(Kooperatibetan 30 urte baino gehiagoz lanean ibili den jubilatutako lagun
batek esaten zidan moduan aurreko astean: “Berrikuntza, egunero egiten da,
ixil-ixilik eta lanaren ondorioz. Zarata noizean behin egin behar da. Baina
musika dagoenean atzetik, alegia, zerbait esateko gizarteari”.)
Jakin badakigu, Berrikuntza, deslokalizazioaren
sendabelar bezala aurkeztua izan dela maiz. Alegia, gure herriaren egitura
ekonomikoaren sektoreek ekoizten dituzten hainbat eta hainbat produktu eta
zerbitzu jadanik bizitza-zikloaren heldutasun fasean
daude. Horrek azkenean behartzen gaitu, ekonomiaren etorkizuna bermatu eta
gure baliabide guztiak, jarduera berri eta balio erantsia dutenetara lerratzea.
Hala ere, definizio hori hankamotz geratuko litzateke, izan ere, Berrikuntzak,
bere gain, gizarte kohesio eta kulturaren demokratizazioaren helburuak izan
beharko lituzke atxekita, gizarte eredu justo eta aurrerakoia erdietsiz.
Nere partetik, bost ataletako
ekarpen moduko bat egin nahi diot Berrikuntzaren diskurtsoari:
1.- Identitatea edo Nortasuna: Uste
dut, Gizarte Berrikuntzaz ari garenean, gure herriaren erdigunean dauden
gatazka eta amaigabeko arazo anitzen iturburu dela identitatearen gaia.
Identitatea diodanean, zentzu zabalean ari naiz. Alegia, zergatik
defendatzen dute batzuek “Y vasca” zerbaiten izenean eta beste batzuk kontrakoa?
(Nor gogoratzen da orain Leitzarango Autobiarekin?) Gure herriaren inguruan
sortzen diren “trintxera” guztiek nere ustez, hementxe dute gakoa. Eta hor Berrikuntzak ekarpena egin
beharko lioke. Bestela jai dugu. Partxeak jartzen gabiltza soilik.
2.- Eduki eta forma, biak dira
garrantzitsu: Susmoa dut, gizartearen begietara, Berrikuntza “korbatadunen”
kontua bakarrik dela. Kontzeptua eta praktika, publiko ezberdinetara zabaldu
beharko genuke.
3.- Ez diskurtsoa soilik, baita
praxisa ere: Berrikuntzak honako ideiekin atxekita beharko luke; Herrietako
ezagutzan oinarritua beharko luke, irekia, freskoa, partehartzailea, anitza,
integratzailea, autentikoa, esentziaduna, ezberdina, kritikoa, aldarazlea eta
globala/lokala izan. Azken batean, komunitate hurbilari balioa erantsiko dion
oro. Elementu hauekin ez baditugu ekintzak egiten, ez dugu ezer aldatuko
gizartearen iduriko.
4.- Sormena, elementu zentrala:
Alegia, ezin dugu Berrikuntzaz hitzegin, sortzailetasunak dakarren guztia ez
badugu oraindik gure gizarte egituretan barneratuta.
(Denver-eko aireportuan Madrid-era
nihoala, Tornado bat iragarri da. Lau egun osoz aireportuan ez atzera eta ez
aurrera. Orduan, basamortu baten erdian tornado bat imajinatzen ari naiz.)
(Tornadoaren erdian zarata dago. Basamortuan, aldiz musika.)
(2008ko Maiatzeko Berriako Iritziak sailean argitaratua)




Post a comment