
Beti
begiratzen diogu gure herriari. Horri deitzen ei diogu-eta, herrigintza.
Baina zerekin egiten da herrigintza? Non daude, gizabanakoak gizatalde
bihurtzen dituzten faktore sinboliko eta ez hain agerikoak? Eta gurean…nondik
begiratzen diogu errealitateari? “Gure” herrigintza aldarrikatzen dugunean?
Nere kezka da, benetan ez ote ari garen sekulako disoziazioa sortzen,
herrigintza (edo deitu nahi bezala, oinarrigintza,…bizikidetza, tolerantzia,
errespetua,…norberak bereari eutsiko dio, ez nuen besterik espero) deitzen
diogun horren eta eguneroko gizabanakoaren bizitzaren artean. Alegia, eta
zuzenago esanda, herri egituraketa dela zioa, ez ote ditugun jada agenda
berriak sortu behar, jada ezagunak eta aski erabiliak diren leloetatik apur bat
bilakaera eginez. Iruditzen baitzait, errealitate ofizial ezagunaren azpitik
(alegia, eguneroko alderdikeri eta gizatalde alineatuen kohesioa bermatzen
duena), sortzen ari dela aspalditik oso modu agian inkonszientean baina
jarraian, gizarte zibilaren disoziazio garbia aurreko aipatu errealitatearekin.
Gakoa, nere uste apalean, identitateen kontzeptuaren baitan egon
daiteke agian. Sakondu dezagun gaian:
Agian, agenda berriak aipatu ditugunean, hain modan dagoen “Berrikuntza” hitza
nolabait gaia aztertzeko balio diezaguke. Eta are gehiago, IdentitateaK
izanda hizpide, “Berrikuntza Soziala”ren paradigmatik begiratuz, egungo
gure euskal gizartearen diagnosia honakoa izan zitekeen (besteak beste).
Laburbilduz, 10 indar-ideia: (1) Berrikuntza Teknologikoa (hard), Berrikuntza
Sozialarekin (soft) osatu; (2) Euskal Herria (landartasuna) eta Euskal
Hiria (hiritartasuna) ideiak, osagarri egin, faltsuki kontrajarri baino; (3)
Inmigrazioa, kultur aniztasunaren iturri bezala ulertu (Identitate
Osagarriak naturaltasunez eratuz); (4) Mundu mapan, gure Identitate
Lokal horrek duen garrantziaz jabetu (Glokalizazioa); (5) Sormenaren
garrantzia ekonomia, gizarte nahiz kultur alorretan oso kontutan izan; (6)
Teknologia eta digitalizazioaren eragin soziala ulertu; (7) Partehartze prozesu
hiritarrak gauzatu herrigintzako alor guztietarako; (8) Belaunaldi
berriak tentuz erreparatu (Y Belaunaldia); (9) Hirigintzaren
funtzioaren garrantziaz jabetu, gizarte bizitza eta gune publikoen lurralde
antolakuntzarako; (10) Gizarte elkarrekintzen erdigunean, esperientzia
eta emozioak daudela jasotzea (Esperientziaren ekonomia).
Guztia barneratu ostean, segidan dator galdera praktikoa:
Gure eguneroko bizitzari, zer ekarpen praktiko egiten diete, abertzaletasun eta
ez-abertzaletasunaren inguruan sortu diren ideario identitario kontrajarriek?
Eta ez al dute bada, jada eguneratu gabe geratu diren, alderdikeriek eta
komunitate ideologiko itxiek bakarrik, honelako egoera “fikziozkoa” sortu eta
ia ohartu gabe elikatu? Eta hau ez al dago, naturaltasunez bere identitatea
bizi duen gizabanakoarekin disoziatua?
Azken batean, euskal gizartea, aurrez aipatu diren 10 indar-ideiak medio,
gizarte postindustrial baten eredura ari da lerratzen. Eta geroaldiko
aurreikuspen prospektibo batean, itxura denez, miztura, aniztasun eta
heterogeneitateak, purotasun, esentzialismo eta homogeneitateari kenduko
dio lekua egunez egun. Hartara, inkoherentziaz betetako identitate
kontrajarrien komunitate bat sortzen joatea da inoiz baino beharrezkoagoa, IdentitateaK
(Identitate Anitz edota Osagarriak) aldarrikatzea. Eta horrek, isla izan
beharko luke, gure egungo gizarteko alor ezberdinetan ere. Hala ere, subjektibitatea
izan beharko lukeen identitateaz ari naiz. Osagarria, baina, subjektu
bat. Komunitate bat, azken batean. Eta horrek badu jada, subjektua,
euskal/basque/vasco. Modu askotan ulertu eta bizia. Bakarra eta guztien
aberastasun eta ongizatearen mesedetarako.
Zaila gerta liteke agian honakoa egun ulertzea, baina agian argiago urte gutxi
batzu barru, euskaldun, espainol, hegoamerikar, txinatar, kataluniar,
irlandar,…identitatearen paradigma klasikoaren pean, erabili ditugun zenbait
kategoria zurrun. Norberaren bizipenek beti egiten dute, bata bestea baino
gehiago erabili edo bizitzea, baina azkenean, inor ez dago jada garai bateko purotasun
edota identitate bakarrez osatua. Eta agian, garaia da belaunaldi berri eta
gizarte aldaketen ildotik, kategoria zaharrak baztertu eta “euskal” subjektua
duen identitate anitzak osatutako objektuak berreskuratzen dituen komunitatea
egituratzen hastea, gizarteko alor ezberdin eta gai ezberdinetarako. Posible
izango al da aurki, Gabriel Aresti + Pío Baroja, Gabriel Aresti vs. Pío
Barojaren ordez?
(2008ko Apirilean Berriako Iritziak sailean argitaratua)
Post a comment