
GOOGLE, iceberg bat da.
Erreparatu al diozue zuen buruei inoiz,
zer dagoen Google bilatzailearen laukizuzen
horren barruan? Konturatzen al zarete jadanik, Google leiho txiki hori, hamaika hizkuntzatan, miloika pertsonen
egunerokotasunaren galderen ezinbesteko erantzule bihurtu dugula guztion artean?
Zer dago beraz, izen arraro eta ahoskaezin horren barrunbeetan? Nola eraikitzen
da hezurdura guzti hori barrutik? Nola erlazionatzen da informazio guzti hori
mundu mailako gizarte egunerokotasunarekin? Zeinek kontrolatzen du? (Zeinek
kontrolatzen gaitu, gu? …!...)
Duela egun batzuk, Silicon Valley-ko Palo
Alto-n izan nintzen, lorratz hauen atzetik. Eta baita ikusi ere barru barrutik,
Google.
Tripak eta barrunbe guztien zertzeladak banan bana. Zoritxarrez, honakoa
esan beharra dut aurretiaz: Berauek ezin ditudala argitara eman,
konfidentzialtasun kontsigna medio. Beraz,
Google-n egon naiz bai, eta baita mutu egotearen promesa ere egin,
bestalde.
Edozein
modutan ere, argi dagoena zera da: Gure munduan bizi eta berau ulertzeko,
ezinbesteko erreferentzia bihurtu zaigula, dela eta izango dela, Google. Eta are gehiago, bizi izan
ditugun hauteskunde garrantzitsu hauen ostean,
web 2.0 aparataje guztiak hartu duen pisuak ere: Facebook, Twitter, Myspace, You Tube, …. Hauek izango dira ezbairik
gabe, gure etorkizuna eraikitzeko izango ditugun herramintak. Gure gizarte honek,
agian oso modu sutilean eta ia konturatu gabe, ziberespazio eta miloika gizarte
sare interkonektatuen sistema konplexu baten tankera jadanik hartu duenean:
Baliteke
San Francisco-tik abiatzen ditudan hausnarketa hauek, gure Euskal Herrian kokatu
eta bere testuinguru jakinera egokitzea beharrezkoa izatea. Gizarte-sarearen
eredu honen ondorio aurreikusiezinek, gure bilakaeran, ez gaitzaten ur-korronte
erradoi edota uholde baten moduan herrestan eraman. Laburbilduz, errealitate berri
honen aurrean, oraindik bi jarrera dira identifikagarriak gure biztanleen
artean, muturreko bi talde osatuz: a) Eszeptikoak “Hau ez dator bat nerekin” eta b) Snob-ak (freaky, nerd,
geek,…) “Guztiak balio du, teknologiaren izenean”.
Ez bata eta ez bestea. Tamalez, eszeptikoak ez dira ohartzen
giza-garapen eta berrikuntzarako karga bihurtzen direla jarrera horrekin. Pertsonak
ez dute errurik, arazoa egituretan dago. Eta hori gure herriaren benetako
“gaitza” da, zinez. Berrikuntza edozeinek egin lezake egun. Baina gure egiturak
ez daude prest horretarako. Bada, onartzen
al ditugu ideia eta pertsona ezberdinak? Eta baloratzen al ditugu, beharko
genituzkeen moduan? (!). Eta bigarrenak,
snob-ak, ez dira ohartzen, gizarte
sare eredu honetan, oraindik gizarte kontraesan gainditugabeak badirela; nahiz
eta, sarean funtzionatu ahal izateko gizarte eskuduntzako teknologiak eduki
jada gure eskura. Sakonean esan nahi dudana zera da: Gizarte sarea (eta
eratorriak diren web 2.0 “tresneria” guztiak), ukaezineko ebidentzia eta
errealitatea da egun. Hartara, herri moduan ahalik eta azkarren, olatu honetara
igo behar dugunaren uste irmoa dut. Beste kontu bat da, oraindik ere, giza-aurpegia
jartzea falta zaiola gai askotan eredu honi. Teknologiak ez
ditu gizarte kontraesan eta tentsioak konponduko, baina lagun lezake eta asko
gainera. Beti ere, gizarte sare logika ezagutu eta erabiltzen hasten bagara
jakina. Horregatik, nere ikuspuntutik bi neurri sustatu beharko genituzkeela
iruditzen zait: Bata, %100ean inplikatu gizarteko biztanleria guztia,
gizarte-sarearen logika honetan partehar dezan. Zatiketa digitala ahalik eta
lasterren ekidin ahal izateko, gizarte-kohesio eta aukera berdinen eredu batera
lerratuz. Biga, begirada kritikoarekin so egin egituraketa eta gizarte sare
ekoizpen guzti honi. Ez baitakigu zer dagoen gizarte-egituraketa honen atzean…Eta
barka iezadazue, baina... zeinek kontrolatzen ditu gizarte-sare hauek?
Zertarako?
Wired aldizkarian, aipatzen zen moduan,
web 2.0.ren errealitate berri hau iraultza bat izaten ari da: Plataforma
estatikoak ziren e-posta eta webguneen espazio digitalaren artean, pertsonen
arteko lotura eta erlazioak deskubritu ditugun arte. Orduantxe etorri da
“gizarte-sare aztoramendu digital” guztia. Laburbilduz, bi berri ditugu
emateko. Bata, txarra: Denak ez du balio. Bestea, ona: Guk eraiki ditzakegula
espazio hauek. Gizarte-sare zabal eta handiekin erkaturiko, gizarte-sare mikro (auto)kudeatuetan
dago etorkizuna. Eta horretaz ez dut duda izpirik.
Baina,
berriro diot: Zer da beraz Google
(!?)
Laburbilduz:
Google, iceberg bat da, azken batean.
Eta
zergatik diodan honako hau hainbeste ziurtasunarekin? Ba dakizuenez, iceberg-en %20a bakarrik ikusten
dugulako urgainean. Gainontzeko %80a, ezkutuan egoten da, urazpian. Baina iceberg-a ez da egitura geldo edo pasiboa. Kanpo
behatzaile soil baten begietarako, begibistakoak ez diren etengabeko mugimendu
dinamikoak gertatzen dira hor, iceberg-aren
azpian.
Ene iduriko, aurrerantzean
oso kontziente izan behar dugu, Google
egituratzen diharduela gure egunerokotasuna. Adi beraz, iceberg-aren mugimendu hautemanezin baina baldintzagarriei. So egin
urazalean agertzen den orori. Gure mundu hau esplikatzeko, urazpian gauza anitz
ari baitira gertatzen, gure begietatik at, uneoro.
Iceberg-a milimetro bat mugitzen ari da, guk klik egiten dugun bakoitzean.
Itxi begiak
eta... entzun...
Igor Calzada.
Silicon Valley, Palo Alto, California
(USA).
2008ko Azaroaren 27a.
BERRIAn argitaratua 2008ko Abenduaren 12an.




Comments
Agur bero bat Hernanitik,
Posted by: Xabier.2008/11/28 12:47:29.226 GMT+1
Galdera ona duk hori bai. Proposatu nuen Boise (Idaho)tik duela gutxi. http://www.igorcalzada.com/euskara-20
Espero dut dagoeneko
baten bat hortan lanean egotea.
Ondo letorkiguke behintzat.
Preparatu sagardo ona aurten hortik,
hemen ezpaitago holakorik.
Agian esporta genezake California-ko ardoarekin Christmas aginaldo lote moduan. ;)
(broma)
Agur bat
San Francisco, USAtik.
Posted by: icalzada.2008/11/30 07:31:32.439 GMT+1
http://www.igorcalzada.com
Seattle-en bizi naiz eta Gorkak gomendatuta sartu naiz zure webgunean, benetan oso interesgarria topatu dut eta gehiagotan idaztera animatzen zaitut.
Posted by: Basque Seattlite.2008/12/23 10:42:28.130 GMT+1
Begira, eskertzen dizkizut animo hitz horiek, ezpaitira alperrikakoak.
Duela, 10 egun, Winnemucca far west herrian egon nintzen, Nevadan. "Rednecks"ak topatu nituen han eta baita, gure "aztarna biziak". Indioak eta euskaldunak bateraturik.
Gauza asko bururatzen zitzaizkidan orduan.
Gauzak gertatu egiten dira. Begiratzea da kontua.
Eta susmoa dut, "gure", Euskal Herrian, jendeak hitzegin eta aurrejuzkuak egiten oso azkarra eta trebea da; aurretik, ixiltasunarekin egon, begiratu eta hausnartu baino.
Horrek galtzen du gizarte hau.
Gure txikitasuna gure kontrara jartzen da. Dena elkarrekin, batera...eta haize freskurik inon ez! Ez eta ideietan, jazkeran, izateko modutan, ezertan ere ez. Dena uniformea eta "bizilagunaren" inguruan bakarrik hitzegiten duguna. "Bizilaguna" da urruti duguna. Gure tabernak, dena gertu gertu....Peatuta!
USAk hori du ona lagun. Desertua...eta distantzia.
Askatasun lurraldea. "Bizilagunak"...? Ez kasik. Estremora agian. Baina, gurean, ikasi beharko genuke, bakardadearen kultura, desertuaren pakea eta ideia ezberdinen konbibentziaren balioa, gizarte bezala aurrera egiteko.
Eta ez mokoka, eta "herri txiki eta milaka infernu handi" sortu.
Zeren gainera...uste dut....
Even people is just started getting bored of it!
Turn the page, SO!
Seattle-eko lagun hori,
thanks for your words
I hope I will see you in Seattle,
I will be there soon
(icalzada@yahoo.com)
Posted by: icalzada.2008/12/23 16:58:06.100 GMT+1
http://www.igorcalzada.com