
Arazo berriak, soluzio eta metodo
zaharrekin aztertu eta ikustera ohituak gaude. Eta horrela ez gara oso
berritzaileak, azken batean ziklo berak errepikatu eta hiritarrak (gu guztiok)
kaltetuak suertatuz. Guztia, berrikuntza hitzarekin “apaintzen” ari gara egun,
duela oso denbora gutxi sortu den leloari jarraiki; eta jakina da, beharrezkoa
dugula eta izango dugula gure herriaren etorkizuna erein eta bermatu nahi
badugu noski. Baina hau guztia honela izanda, galdetzen diot neure buruari: Benetan
aplikatu al dizkiogu eguneroko arazo txiki baina herrigintza egiten duten guzti
horiei, berrikuntzak dakarkigun “errezeta”? Maiz, inongo datu fidagarri eta
“slogan populista” kaxkarrenak erabiltzen ditugu, gure komunitatekoak ertsitu
eta gure “egia” legitimatzeko, aldamenekoa ia konbentzitu behar ez dugularik
gure alde jar dadin. Hori ez da berrikuntza lanabes harturik, herrigintza
egitea. Herrigintza egiteko kultura partehartzaile berri bat behar dugula
aldarrikatu nahiko nuke hemen agian. Eta batipat, denbora berriek hori eskatuko
dutelako ezbairik gabe. Alderdi politiko eta bere masei bakarrik baino, gizarte
zibilari axola zaizkion eguneroko arazo horiek birplanteatu eta adosteko. Eta
hori guztion lana da, politikariona eta hiritarrona. Horri deitu ei zaio
berrikuntzatik (eta nazioarte mailako adibideak ari dira apurka ezagutzen),
Politika 2.0. (...)
EE.BB.etatik bueltan Euskal Herrian
berriro, zera entzun dut: “Berrikuntzaz ari garela, politika, ekuaziotik kanpo
geratu behar da.” Eta ez nago ados. Herrigintza 2.0. ez al dugu jada beharrezko
gurean? (...) Jazzaldia eta AHTa
bezalako kontuekin egiten dut estropozo iritsi eta berehala. Bi gai ezberdin
eta sortzen dituen sentsazioak ere diametralki antipodetan. (...) Bitartean,
kaleko jendeak ez dio tankerarik hartzen eta ez du bere egiten, berrikuntzak
dakartzan mezu nahiz ondorioak. Hitz tabu sahiestua bihurtu den horrekin
parekatzea antzeman gabe: Krisia. (...)
Askotan pentsatzen dut zergatik
herrigintza egiteko hainbeste buruhauste eta energia galtze tamalgarri, hiru
barruti administratiboetan banatuak gauden batazbesteko 3 milio biztanle “soilik”
osatzen dugun herri honetan. Bestalde, esan nahi baita, Europar Batasunaren
mugetan dauden herrialdeetan, hiritar partehartzea sustatzen ari da, gizarte
zibilean, mugimenduak egotea, ezinbesteko ezaugarri bihurtu denean ere gizarte
aurreratu gisa kontsideratzeko. Esan nahi ez duena, kontrara, edozein
proiektu, herri oso baten arazo bihurtu behar dugunik beti eta etengabean. Alegia, egun, gu bezalako europar
eta nazioarteko herri askok horrelako proiektuak izan ditzakete eta hiritar
prozesu partehartzaile eraginkorrak burutzen dituzte, argudio tekniko eta
objektiboak partekatuz, azken batean, erakunde eta gizarte mugimenduekin
akordio bateratu batera helduz; non ekonomi, gizarte eta ingurugiro alorren
artean, oreka bat lortzen den, “garapen iraunkorraren” ekuaziora iritsiz,
eragile guztiokin batera, ondorio lazgarririk gabe. Jakina, horretarako gauzak
egiteko modua aldatu egin behar da. Norberaren komunitatetik (alderdi, mugimendu,...)
eta gutariko gizabanako bakoitzetik abiatuta. Eta horrek “humiltasun” eta
kultura partehartzaile handia aurresuposatzen die partehartzaileei.
Pena handia da, kanpotik ikusita, gure
herriak aurkezten dituen, gizarte kapital adierazle hain altuak emanda, alegia,
konfidantza-sare sakonak, kolaboraziorako aurrejarrera eta gizarte-bizitza
komunitario oparoa; ez garatu izana gizarte kapital honetatik, herrigintza
berri bat. Ezin al ditugu gauzak beste modu batera egin? Auzoetatik udaletara,
euskaldeetatik pasatuz...Hiri-sare maila batera helduko ginateke ere inoiz.
Euskal Hiritarron maila horretara. Izan ere, edozein delarik gure herriaren
garapen eredua (abiadura handikoa edota “abiadura gabea”), ezbairik gabe
aurreikusi dezakeguna, modu batean edo bestean, Euskal Herri hau, sare eta
komunitatez osatuta egonda, hiri handi baten gisara egituratuko dela aurki:
Konplexutasun handiko gurea bezalako gizarte bati hobekien egokitzen zaion lurraldetasun-eredura,
alegia Hirira. Hiritar ezberdinez osatuta eta gizarte konplexutasun
handiarekin. Honek guztiak, berrikuntzarekin ere du zerikusia. Ez gaude herri
vs hiri dikotomia zaharkituaren garaian jada, barka egidazue. Berrikuntza,
hirian dago eta baita herrietan ere, jakina. Baina guneak edota nodoak, hiriak
dira hemen eta munduko edozein bazterretara jotzen badugu.
Azken batean, orain arte soilik estrategia
bakarra izan dugu: “Arerioaren kontra egitea”. Baina herrigintzaren eguneroko
arazoak, egunetik egunera konplexutasun maila handiagoa aurkezten dute. Non, erabaki-hartze prozesu eraginkor eta
partehartzaileak geroz eta beharrezkoagoak izango diren. Hartara, estrategia
zaharkituak alboratuz, agian, besarkatzen hasi beharko ginateke, kultura
politiko partehartzaile berri bat. Gizabanakotik abiatzen dena: Gutariko bakoitza
ezpada 2.0., zertarako behar dugu berrikuntza? Jakina, guztion artean
herrigintza bermatzea bada kontua. Alegia, bere egunerokoari begirada
berritzailearekin, eguneroko hori aldarazten saiatzen diren hiritarrak goretsi
behar ditugu: Euskal Hiritarrok 2.0.
Garai berrietako arazoei, behingoz
soluziobide “berriak” eskeiniz. Zergatik ez abiarazi apika, kultura 2.0.,
turismo 2.0., ongizatea 2.0., euskara 2.0., ekologia 2.0., lana 2.0.,...etab?
Herrigintza 2.0. eginez. Garai hauek ate joka etorriko dira. Eta hau, uste
baino lehenago, gainera. (2008ko Abuztuko Berriako Iritziak sailean argitaratua)



Post a comment