Irudikatu ahal izango zenukete
honakoa: 48.000 lagun desertu batera joan eta
astebetez guztien partehartze interaktiboaren bitartez, auzolanean, hutsetik
hasita, hiri sortzaile bat eraikitzea? Ez da desertuko espejismoa. Benetakoa
da. Eta zin dagizuet, ezin da deskribapenean, han bizi izandakoa azaldu. Esperientzia, norbanakoarena denez, neregatik bakarrik esan, giza-esperientzia
eta faktorearen mugak aztertzeko laborategi ezinhobea izan dela, partehartzaile
bat gehiago izan naizen ezkeroztik. Urtero, AEBko Nevada-ko Black Rock basamortuan
ospatzen den Burning Man 2008 ekitaldiaz ari naiz zehazki. Eta zer den
hau? Oso zaila azaltzeko baina izugarria esperientzia moduan eta are gehiago
hiriak, sorkuntza eta berrikuntza direnean, gure munduaren giza-garapenerako palankak
egun. Horrexegatik, egokia iruditu zait, laborategiko esperientzia moduan,
aztertu eta zuenganatzea. Eta baten bat animatuko balitz, datorren urteko
ediziora hona etortzeko, nik animatuko nuke, ezbairik gabe. Agian, Euskal Herri
imaginario bat irudikatzeko balio liezaguke (ikus Leone), gure ohiko leloanizdun
ekitaldi erraldoien (ikastola, herri mugimendu, ekologia, kirol, euskalgintza,...)
bertsio aldarazle eta ezberdina planteatze aldera. Azken batean, pertsonena da
etorkizuna eta hori ezinhobeto frogatzen du Burning Man delako ekitaldiak
urtetik urtera. Agian, ariketa soil bezala bada ere: Gure Euskal Herria, bere berazko
ezaugarri nahiz kontraesanekin, libreki errepresentatu eta modu aktiboan
guztien artean eraiki, astebetez desertu edo dagokion lekuan. Zer deritzozue? Baina azal dezadan konkretuki
planteamendua. Irudika ezazue honakoa: Ur, argindar eta janaririk gabe 7 egun
jarraian; erakustaldi, performance,
antzerki, dantza, hitzaldi, workshop, tailer,
musika, manifestazio, talde-lan,...; 48.000 gizabanako elkarrekin, giza-sistema
konplexu baina aldi berean autoegokitua osatuz. Arauak, hauexek: Norberak,
gainbizitzeko eraman behar du guztia (zer dago bada desertu batean, ezer ez);
trukea onartua dago ($-ak ez du baliorik han); diruarekin soilik 3 “erregai”
mota eros daitezke (gasolina, limoi-ura eta gasolina); ez dago inolako telefono
ez eta internet estaldurarik. Neronek, duela urte pare bat izan
nuen honako ekitaldi honen berri. Konkretuki Gizarte Sortzailea Udako
Ikastaroan.
Hala ere, bertan partehartu ostean, AEBko gizarte eta kulturaren produktu bat dela
oharturik, euskaldun baten filtroa jarrita, honela laburbilduko nuke, geurera
ekarriz: 1.- Agian, sorkuntza eta
berrikuntzari buruz ari garela, Ciorán eta Schumpeter-ren ildotik, sortzeko,
apurtu egin behar dela gogorarazteko balio du honako ekitaldiak. Alegia,
sortzea eta berritzea, arau eta aurreiritzi asko apurtzea dakar bere gain. Eta
hori ona dela deritzot. Gure euskal gizartean, hori faltan botatzen da.
Aurreiritzi gabe gizarte ez hain kolektibista eta autoespresiorako libreagoa,
zentzu guztietan. 2.- Desertuan gizabanakoen artean,
eraikitako hiri eta behin-behineko urbanismo hori da gauzarik esanguratsuena
ene iritziz. Alegia, nola den posible milaka pertsonen artean, hiri egitura
duen urbanismo konplexu baina aldi berean ordenatu bat egituratzea. Kale eta
kanpamentuez osatua. Zentru bat dago eta inguruan zirkulu konzentrikoetan kaleak
egituratzen hasten dira. Guztia izanik behin behinekoa, artifiziala. Aste beteko
bizi iraupena soilik. Ostera, dena erre egingo baita. Dena desagertu. Pertsonen
auzolanak egindako guztia. 3.- Analogikoa vs. Digitala: Egun,
gizarte sareen garrantziaz ari garela, harritzekoa gertatu zait, inongo
azpiegitura digital edo teknologikorik gabe, hiri oso bat, pertsona eta
multzoen auto-antolaketa bidez, auzolanean, eratu izana. Ez sakeleko ezta
internetik gabe. Azken batean, pertsona da funtsa. Ez dezagun ahantzi.


4.- Egin! Hori zen leloa. Ez dago
ikusle eta partehartzaile muga hori. Guztiak ginen partehartzaile eta ikusle
aldi berean. Zer egiten zuen norberak? Berari gehien egokitu eta gustatzen zitzaiona. Bere talentuari lotzen zaion hori. Norberak nahi duena. Oso egokia
iruditu zait. Askotan ahaztu egiten zaigu, berrikuntza, grinarekin duela
zerikusia.Eta gainera, pertsonaren autoespresioa da guztiz ekitaldiaren zentrua
(joera humanista garbia). Baina sorkuntza, prozesu kolektibo bat bezala ulertuz
eta gauzatuz.
5.- USA: Hori bai, gure filtroa jarrita,
zera esango nuke. Iparamerikarrek askotan frogatu dute edozer egiteko gauza direla, oso ona eta oso txarra (gainera, aldi berean). Esperientziaren
baliogarritasuna azpimarratuz, baita ere guzti honen irakurketa kritikoa ere
badago egitea noski. Laburbilduz, euskaldun bat harritzen duen lehen gauza,
iparamerikarren giza-komunitateak artifizialki osatzearen behar ezinbesteko
hori. Ez ote...gizarte arima huts eta materialista batean bilakatu delako? Non
aurkitu beraz, afektibitate eta emozio benetakoak? Erantzuna: Artifizialki,
mikromundu bat osatu behar dute horretarako.
[Ikurrina,
munduko milaka ezaugarriren artean izan zen han, Nevadako desertu hartan. Eta gure artean genion, “American Dream”
izanik aurtengo leloa, ez ote dugun gurean “Basque Dream” bat planteatu behar? Agian, Burning Man baino, Burning
“Basque” bat ez legoke gaizki ezta? ;) ]
Ciorán-ek planteatzen zuen moduan:
Erre eta errautsetatik berria sortzeko. Modu partehartzailean...jakina! Gure eguneroko tragediatik, gure sormenak
salba gaitzan bederen apurka-apurka:



































Post a comment